Liztor Asiarra harrapatzeko, edaririk hoberenaren bila

2. Oinarrizko Lanbide Heziketa Zientzia aplikatuak

Lan honetan, liztor asiarra (Vespa velutina), espezie inbaditzailea izanik, Euskal Herrira nola etorri zen eta gure erleei zein kalte egiten dien aztertu dugu.

Horrez gain, eskolan esperimentu bat egin dugu, liztorren kontrako tranpetan zein edari jartzea den onena jakiteko.

Horretarako sei edari ezberdin probatu ditugu plastikozko botilekin egindako tranpetan: garagardo alkoholduna, zukua (sagarra, mahatsa, piña), ozpina, alkoholik gabeko garagardoa, cola-edaria eta nahasketa bat (ardoa, zukua eta ozpina).

Lortu ditugun emaitzen arabera, zukua izan da, alde haundiarekin, amuzkirik onena liztorrak erakartzeko.

Ondorioztatu dugu, liztorrei asko gustatzen zaizkiela fructosa daukaten edari oso gozoak (zukua bezalakoak), baina ozpinaren usainetik ihes egiten dutela.

Liztor Asiarra (Vespa Velutina)

Gaur egun, Euskal Herriko erleen harrapari eta arrisku nagusienetako bat, espezie inbaditzaile bat da: Vespa velutina edo liztor asiarra.

Intsektu hau, erlauntza atarian geldirik geratzen da hegan, eta barrura sartu edo kanpora irten nahi duten erleak harrapatu eta jaten ditu.

Jokabide honek, erlauntza osoa beldurtu eta estresatzen du. Ondorioz, erleak ez dira elikagai bila kanpora irteten eta goseak hiltzen dira (aparteko elikagairik eman ezean).

Kasu batzuetan, liztorren erasoa horren gogorra izaten da, erlauntza barruraino sartu eta guztiz desegitea lortzen dutela.

Oinarrizko lanbide heziketako 2. mailako ikasleok, arazo honekin kezkatuta, liztorrak harrapatzeko tranpak jarri nahi izan genituen. Baina lehenengo, jakin behar genuen, tranpa horietan jartzeko amuzkirik onena zein izango zen.

Gure esperimentua

Botila bidezko tranpa klasikoak erabili dira esperimenturako:

  1. Botila moztu: 1,5 litroko plastikozko botila baten goiko zatia guraizeekin moztu, lepoa hasten den lekuaren azpitik.
  2. Inbutua osatu: tapoia kendu ondoren, goiko zatia biratu eta beherantz begira sartu botilaren beheko zatiaren barruan.
    Bi zulo egin eta brida pasata utzi, gero zintzilikatzeko.
  3. Amuzkia edo likidoa jarri: likido erakargarria botilan isuri.
  4. Botila itxi: bi piezak, zinta itsasgarriarekin lotu.
  5. Tranpa zintzilikatu: tranpa-botilak bridarekin erlauntzen ondoan zintzilikatu.

Sei edari ezberdin erabili dira erakargarri gisa:

  1. Garagardo alkoholduna
  2. Zukua
  3. Ozpina
  4. 0.0 garagardoa
  5. Cola edaria
  6. Nahasketa (ardo zuria + zukua + ozpina)

Astebete igaro ondoren, tranpa bakoitzean harrapatutako liztor kopurua zenbatu eta erregistratu zen:

Edaria
Harrapatutako liztor kopurua
%
Garagardo alkoholduna
10
% 8,3
Zukua
105
% 86,8
Ozpina
1
% 0,8
0.0 Garagardoa
1
% 0,8
Cola edaria
4
% 3,3
Nahasketa (Ardoa + Zukua + Ozpina)
0
% 0,0
GUZTIRA
121
% 100

Emaitzak

Esperimentuaren hasieran, gure hipotesia izan zen, garagardoa izango zela edaririk efektiboena tranpetan jartzeko eta cola-edaria berriz, okerrena.

Hala ere, lortutako emaitza kuantitatiboek hipotesi hori okerra zela erakutsi dute:

  1. Zukua izan da, aldez aurretik espero ez bezala, edari eraginkorrena alde handiz (105 liztor, guztizkoaren %86). Honek adierazten du azukre-kontzentrazio altuko likido fruktosadunek erakarpen-ahalmen handia dutela liztor helduentzat.
  2. Garagardoa bigarren postuan gelditu da, baina zukuarekin alderatuta kopuru oso txikian (10 ale, guztiaren %8,3).
  3. Cola-edarian lau liztor erori ziren (guztiaren %3,3).
  4. Ardo zuria, zukua eta ozpina dauzkan nahasketak ez du ale bakarra ere harrapatu. Nahiz eta erreferentzia batzuetan ozpina eta alkohola, erleak ez erakartzeko gomendatzen diren; kasu honetan, ozpinaren presentziak liztorrak ere uxatu dituela dirudi.

Emaitzak ikusita, argi geratu zaigu zukua dela edaririk ONENA. Gure ustez, zukuak fruituen azukre naturala (fruktosa) duelako gertatzen da hau, eta liztorrei asko gustatzen zaielako gozoa den guztia.

Interesgarria da ikustea Cola edaria ere oso gozoa izan arren, 4 liztor bakarrik erori direla. Izan daiteke, colak azukre artifiziala duelako eta ez fruituena. Edo agian fruktosa azukrea beharrean, glukosa azukrea duelako (hori jakiteko beste esperimentu bat egin behar genuke).

Bestalde, garagardo alkoholdunarekin, alkoholik gabearekin baino liztor gehiago harrapatu ditugu. Beraz, alkoholaren usainak ere erakarri egiten dituela dirudi.

Amaitzeko, ozpina probatu dugun osagairik TXARRENETARIKOA izan da (bakarra erori da). Ozpinak oso usain azido eta sendoa du eta liztorrek ihes egiten dute. Baina ikasi dugunez, tranpa profesionaletan ozpina jartzea ona omen da erleak babesteko: erleek ere ez dutelako ozpina nahi eta horrela ez direlako tranpan hiltzen.

Erreferentziak

Esker onak

Eskerrak eman nahi dizkiegu Fraisoroko erlategiko lan-taldeari eta irakasleei (Jaione, Edu) beren harrera, azalpen eta erlategia bertatik bertara ezagutzeko emandako aukerarengatik. Haien esperientziari eta erakutsitako tresnei esker (hauspoa, zentrifugagailua, erreginen markaketa) lan hau burutzeko oinarrizko ezagutzak eskuratu ahal izan baititugu.